WebCam Galdakao

Euskararen aldeko proiektu anbiziotsua aurkeztu dute Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko zortzi Udalek

Herri jakintza eta tradizioak biltzeko proiektua aurkeztu dute Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko zortzi udalerrik (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Ugao) Maximo Moreno udal musika eskolan. Labayru Ikastegiak lan anbiziotsu hau prestatzen bi urte baino gehiago eman ditu, eta era honetako lehendabiziko lana izango da eskualde honetan.
Proiektuaren helburua eskualdeko herrietako euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa biltzea, ikertzea eta landutakoarekin material didaktiko - pedagokikoa prestatzea izan da. Material hau Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzako euskal curriculumean txertatuko dute.

Aurkezpen ekitaldian, Josune Ariztondo Kulturako foru diputatua, Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakaria, eskualdeko alkateak zein zinegotziak eta proiektu hau egia bilakatzen lagundu duten herritarrak izan dira. Ekitaldiko unerik hunkigarrienetako bat parte-hartzaile guztiei oparitxoa banatu dieten garaia izan da, proiektu honetan jasotako lekukotzak eman izanagatik. "Pertsona horiek eskualdeko honetako memoria kolektiboa osatzen dute, eta gure errekonozimendua adierazi nahi diegu", jakinarazi du hizlarietako batek.
Labayru Ikastegiak argitaratu du lehendabiziko produktua: Haur eta Lehen Hezkuntzako curriculuma osatzeko materiala biltzen duen DVDa. Material hau ez da salgai egongo; parte hartu duten udalerrietako ikastetxe guztietara dohainik bidaliko dute, ikasgeletan erabil dezaten. Irakasleen lana errazteko helburuarekin, unitate didaktikoak zein edukiak ezagutarazteko saioa antolatu dute. Saio horiek Labayru Ikastegiak emango ditu. Gaur egun, 250 irakaslek baino gehiagok hartu dute parte material hau ezagutzeko saioetan./ Galdakao Hoy