WebCam Galdakao

Udalak Obaba haurreskola handituko dau

Galdakaoko Udalak 2014an Usansoloko “Obaba” haurreskola handituko dau, 54 metro kuadro barri gehituz, zerbitzuak daukan eskariari ahalik eta egokien erantzuten saiatzeko. Aurreikusitako inbertsioa 100.000€ ingurukoa izango da, eta orain prestatzen ari diran 2014ko aurrekontuetan jasoko da. Erakundeak aurreko urteetan be proposatu eban handitze hau, baina Eusko Jaurlaritzako Haurreskola Partzuergoak, zerbitzuaren arduradunak, ez eban ontzat emon, giza-baliabideen eskasia zala eta, oso zail ikusi ebalako.
Duela aste batzuk Galdakaoko Udalak barriro proposatu eutson aukerea Partzuergoari, eta batzarrean bat etorri ziran handitzeari ekiteko beharragaz. Handitzea prest egongo litzateke 2014-2015 ikasturtean abian jartzeko, betiere, 2014ko maiatzerako ezarritako aurrematrikula aldian egondako eskariaren arabera.
Gaur egun, leku ezagaitik 8 dira Bediako haurreskolan matrikulatuta dagozan haur galdakoztarrak. Izan ere, Usansoloko haurreskolan aurreko urteetan aurrematrikula epea maiatzean zabaldu izan bada be, aurten plazak beteta egotean ez da aurrematrukula epea zabaldu be egin.
Haurreskolak Galdakaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Haurreskolen Partzuergoak sinatutako hitzarmenaren emoitza dira. Izaera publikoa dauken eskola honeek urtebetera arteko umeentzat dira.
Galdakaok, gaur egun, hiru haurreskola daukaz; Obaba (Usansolo), Katamar (Olabarrieta) eta Bizkai (Galdakao erdigunean). Hirurak 2005 urtean zehar inaguratu ebazan, eta 2010ean Udalak hiruretan egokitze eta hobekuntza lanak egin ebazan.